XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Muga hori ezartzeak hainbat termino kanpoan uztera behartzen du, baina saiatu gara oinarrizkoak jasotzen eta aurrerantzean hiztegi osagarriak, sail espezifikoetakoak (kontabilitatea, merkaturatzea,...), ateratzeko asmoa ere badugu.

Hiztegia lantzeko prozedura ohikoa izan da, UZEIren gainerako hiztegien antzekoa, berezitasun bakarra izanik lehendik egindako lan batean oinarritua izatea. Laburbilduz, hauek izan dira urrats nagusiak: hasteko, lehengo hiztegiko materiala eta dokumentazio bibliografikoa bildu, horiek oinarri hartuta hiztegiaren gorputza mugatzeko, ekonomiako terminologiari dagokion eremu-zuhaitza zehaztu, behin-behineko sarrera-zerrenda prestatu eskuratutako materiala hustuz, zerrendako terminoak banan-banan sailkatu, hiztegiaren edukia erabaki, fitxa terminologikoak osatu, hainbat terminoren definizioak landu, kritika-zerrendak banatu eta erantzunak jaso eta azken erabakiak hartu.

Hasieratik bertatik, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako ESTE fakultateko irakasle euskaldunek zuzenean parte hartu dute hiztegian, eremu-zuhaitza erabakitzen, fitxak sailkatzen, hiztegiaren edukia zehazten, osatzen eta kritikatzen eta zalantzak argitzen.

Gainerakoan, lankide nagusiak Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari diren irakasleak izan dira, proposamenen zerrendari oharrak eginez beraiek erabiltzen dituzten terminoen lekukotzarekin.

Lanaren aldetik, fase bakoitzak izan ditu bere gorabeherak eta berezitasunak. Hiztegiko terminoak erabakitzeko garaian, alde batetik hasieran ezarritako mugak hainbat termino kanpoan uztera eraman gaitu eta beste alde batetik, ekonomia zientzia zehatza ez denez, era horretako espezialitateetan (zuzenbidean, filosofian, psikologian,...) gertatu ohi den bezala, ez da batere erraza terminoaren eta esamoldearen arteko bereizketa garbi erabakitzea, esanahiak zehaztea eta sinonimiak mugatzea.

Eremu-zuhaitza erabakitzerakoan, sail eta azpisail ugaritan galdu gabe, bost sail nagusi hautatu dira. Fitxak osatzean, garrantzi handia eman zaio erdarazko terminoak, batez ere frantses eta ingelesezkoak, berrikusi eta osatzeari bakoitza jatorrizko iturrietan ziurtatuz eta ahal izan den neurrian alemana ere jaso da, nahiz eta liburuan ez argitaratu.

Baliokideak aurkitzeko zailtasunak izan dira sail batzuetan, kontabilitatean eta banku-sisteman batez ere, herrialde bakoitzak bere funtzionamendua duelako.

Euskarari dagokionez, esan beharrik ez dago Euskaltzaindiak emandako arauak bete direla. Azken aldiko joerak eta irakasleen esperientzia ere kontuan hartu dira eta horren arabera hiztegi gaurkotua aurkezten saiatu gara, hainbat terminotan definizioa ere eskainiz.